Euskararen erabilera sustatzeko ariketa sozialaren laugarren edizioa garatuko da datorren udaberrian eta Getxok indarrez ekin dio horren prestaketa lanei.
Orain arte udazkenean egin bada ere, aldaketak dakartza laugarren edizio honek eta udaberrira aldatu dute antolatzaileek. 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo da Euskal Herri osoan, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Euskaraldiaren laugarren edizioa.

Getxon 100dik gora lagunek egin dute bat San Nikolas plazan ostegun honetan, argazki kolektiboa egin eta herriak Euskaraldian parte hartuko duela iragartzeko. Getxoko euskalgintzako eragileek zein beste alor ugaritako herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Jakina denez, ahobizi eta belarriprest rolak jokatuko dituzten herritarrak dira Euskaraldiaren protagonistak, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera eguneroko bizitzan areagotzeko konpromisoa hartzen duten herritarrak, hain zuzen.

Horiekin batera, euskara erabiltzeko gune seguruak sortuko dituzten entitateek ere parte hartu dezakete ariketan, ariguneak osatuz. Getxon, gainera, Irribizien figura ere badago, horiek, nahiz eta euskara ez jakin eta ulertzeko zailtasunak eduki, euskararen aldeko jarrera duten herritarrak dira.