Euskaraldiari gozamenetik heltzeko proposamenak bilduta, hamarnaka herritarrek egin dute bat larunbatean, azaroak 30, kultura, musika eta dantza jamaikarraz blaitzeko. Nebula Selektah disko-jartzaileak eta Amaia Sinobas dantzariak “dancehall tailerra” dinamiko eta dibertigarria eskaini dute Algortako San Nikolas plazan, herritarrak elkarrekin dantzatu eta Jamaikako 80ko hamarkadako musika eta kultura mugimenduan murgiltzeko. Horrekin batera, Getxoko Hamaikakoaren aurkezpena egiteko tartea ere izan da ekitaldian, herriko Euskaraldiko enbaxadoreak nortzuk izango diren zabaldu delarik. Euskaraldiaren hizkuntza-ariketaren helburuak lortzen lagunduko duten hamaika herritarrek osatzen dute taldea, arlo anitzetako euskararen aldeko herritar konprometituak izanik guztiak ere.