HAMAIKAKOA
Hamaika lagunek osatzen dute Euskaraldiaren hamaikakoa. Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen erabilera bultzatzeko urratsa emango dute Euskaraldian zehar.
Horrez gain, ekimenaren enbaxadore ere izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatuko dute, Euskaraldiaren berri haien inguruan emanez.
Getxoko Hamaikakoaz gain, entiateei eta Euskaraldian parte hartuko duten ahobizi, belarriprest eta irribizi guztiei ere gonbitea egiten diegu nork bere hamaikakoa osatu dezan, hau da, hizkuntza ohiturak aldatzeko aliatu izango dituzten hamaika lagunen zerrenda osa dezan.
Jabi Onaindia Kareaga
Herri Irratia eta Bizkaia Irratiko zuzendaria da, azken hau euskara hutsean aritzen dena. 1992an hasi zen Bizkaia Irratian eta ordutik ibilbide osoa egin du irratigintzan, euskaraz. Komunikabideak Euskaraldiaren eta bere helburuen zabalpenean garrantzitsuak direla sinetsita, horretan eragin nahi du, hain zuzen.
“Komunikabideetatik Euskaraldiaren zabalpenean lagundu dezakegu”
Ainhoa Calderón Biurrun
Aingara bordatuen eta euskal jantzien denda kudeatzen du, Romon. Belarripresta izan da azken Euskaraldian eta Euskara Zerbitzuak euskara merkataritzan sustatzeko ekimenetan parte hartzen du; euskararen lagun bezala. Saltzeko orduan, euskaraz bizi nahi duela aldarrikatu du eta horregatik hartuko du parte Euskaraldian.
“Saltzeko ere, euskaraz bizi nahi dudalako hartuko dut parte Euskaraldian”
Iñaki Etxegia Mardaras
Arene 6ko baterijolea izateaz aparte hamaika saltsatan ibiltzen den irakaslea da Iñaki. Judoka eta Algortako kulturgintzan dihardu. Euskaraz bizitzen jarraitu nahi duelako eta jende gehiago euskaraz egitera animatu nahi duelako parte hartuko du Euskaraldian.
“Euskaraldian eta horren ostean ere, partehartzaileei euskarazko musika gehiago kontsumitu dezaten eskatuko nieke”
Begoñe Eguskiza
Lauaxeta AEK Euskaltegian irakaslea da. Bilbon jaiota ere, betidanik Romon bizi izan da. Aupa, Romo! Gaztetan, Leioako Unibertsitatean publizitatea ikasi ondoren, AEKn irakasle izateko ikastaroa egin zuen, eta berehala Romoko GANBARA izeneko euskaltegian hasi zen eskolak ematen. Bestalde, AEKn lan egiteak euskararen aldeko eragile aktibo bihurtzen zaitu, eta gaur egun “borrokan” segitzen du.
“”Hainbat urte pasatu dira, baina aitortu behar dizuet Euskal Herria euskalduntzeko gogoak bere horretan jarraitzen duela”
Irune De La Maza Olagorta
Getxoko Andra Mari auzoan erreferente bilakatu den Itxas argia Dantza taldeko kidea izateaz aparte, Euskarabentura espedizioko kordinatzailea da Irune. Euskal kultura eta dantza hauspotzen eta ezagutarazten jo ta ke lanean dabil.
“Espazio publikoetan eta plazetan euskarak bere tokia izan behar du”
Xabier Ugarteburu Jauregi
Lehen hezkuntzan ingelera irakasle, trikitixari gustua hartuta, 15 urte daramatza erromeriaren munduan taula gainean jotzen. Benetako bokazioa, dena den, maizter lana da, irakaskuntzaren didaktika eta musikaren sormena batzen dituena. Urte askoan lagun artean ikasi ostean, orain Fikzio Fabrika elkarteko kide egin da. Mahai eta rol jokoetan maizter lana egiteaz gain, Taroka jolasaren sortzaileetako bat izan da, eta Kutxaz Kanpo bezalako ekimen sozio-esperimentaletan ari da.
“Lehen jolastu gaitezen, beste guztia organikoki garatuko baita”.
Ane Omagogeaskoa Zamora
Romo AF nesken taldeko kidea da Ane. 2020an sortu zen proiektua eta Romo auzoan kirola ezagutarazteaz aparte, euskara bultzatzea daukate oinarri. Garrantzi handia ematen diote klubean euskararen erabilerari. Egunerokotasunean, haien ekitaldi eta entrenamenduetan euskaraz bizi dira eta euskaraz bizi nahi dute.
“Euskara gure klubean bermatu behar dugu, eta horretarako guztion ahalegina behar dugu”
Tere Elvira Viana
Areetako Berantzagi dantza taldeko kidea da Tere. Euskaraz ez dakien arren, hizkuntzaren aldeko jarrera positiboa dauka beti, bai dantza taldean eta baita Areeta auzoan ere. Euskararen aldeko ekimenetan parte hartzeaz aparte hizkuntza lehenesten saiatu egiten da. Areeta euskalduna nahi du.
“Yo no pude aprender Euskara, pero he tratado de darle presencia a la lengua en la vida de mis hijas”
Irene Ezkurra Eriz
Gazte mugimenduko eta mugimendu feministako kidea. Herriko euskalgintza ondo ezagutzen duela esan genezake: Gazteagotan ALBE bertso eskolako kidea, Bizarra Lepoan euskara elkarteko dinamizatzaile lanetan ibilitakoa ere, eta Haria Eten Barik asialdi taldeko sorkuntzan egondakoa. Gaur egun irakasle lanetan dabil. Bere belaunaldia euskararen etorkizunean eragin behar duela deritzo eta konpromiso hori hartu du Euskaraldiaren deiari erantzunez.
“Belaunaldi gazteek euskararen etorkizunean eragin behar dute”
Celeste Agüero
Celeste Agüero, Argentinako kantari migratzailea, irakaslea, esataria eta poema xuxurlaria. Kantuaren eta poesiaren bidez, herrietako borrokak eta nahiak aldarrikatzen ditu. Bere gitarrarekin Abya Yala eta Euskal Herriko hainbat egileren errepertorioa interpretatzen du. 2018ko abuztuan heldu zen gurera eta 2020ko urritik dabil euskara ikasten AEKn. Hizkuntzak integratzeko ematen duen aukeraz jabetuta, Euskaraldian parte hartuko du migartzaileek ere euskaraz bizi nahi eta ahal dutela aldarrikatzeko.
“Hizkuntza migratuak integratzeko ezinbesteko tresna da”
Laurita Siles Ceballos
Marbellan jaioa, Doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Arte Ederren munduan erakusketa, ekintza, proiekzio bisual eta hitzaldiak egindakoa da. Hanka bat dauka Algortan eta bestea Karrantzan. Han sortu zuen Mutur Beltz proiektua, lurrean sustraitutakoa, sorkuntza, diseinua eta kudeaketa kulturaletik abiatuta. Euskal Herrira heldu eta berehala hasi zen euskara ikasten eta gaur egun ari da lagunekin eta familian euskara erabiltzeko apustuan.
“Arte eta kulturan ibilita, niretzat, hizkuntza oso garrantzitsua da herri bat eta bere kultura ezagutzeko”.