Badator Euskaraldia!

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, getxoztarrok berriro ere ahobizi, belarriprest, irribizi eta arigune bihurtuko gara. Hamabost egun horietan, herritarrok hizkuntza ohiturei astindua eman eta euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo dugu.

Aurtengo edizioak berezitasun adierazgarri bat izango du, ariketa kolektiboki egiteko aukera izango dugu. Norbanakoez gain, entitateek ere hartuko dute parte: saltokiak, tabernak eta jatetxeak, erakunde publikoak, enpresak, kirol eta kultur elkarteak, gizarte eragileak, kooperatibak, … Hau da, plano pertsonal batetik plano kolektibora salto egingo dugu. Beraz, ariketa sozialean bi parte-hartzaile mota egongo dira: batetik, herritarrak (ahobizi, belarriprest eta irribizi rolekin) eta bestetik mota guztietako entitateak (ariguneak sortuz).

Zeuk ere euskararen erabilera areagotu nahi baduzu,  16 urte edo gehiago badituzu, aukeratu zure rola, eman izena getxoztarrak.eus-en eta egizu bat Euskaraldiarekin!

Ahobizi: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprest: “Lekua, gaia edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Irribizi: “No entiendo euskera, pero me alegro al escucharlo y apoyo este tipo de iniciativas”.

Gogoratu! Rola aukeratzean, gakoa jokaeran dago, ez hizkuntza gaitasunean.

Hamabost egunetako ariketa era natural eta eroso batean egiteko, Getxon bizi dugun egoera berezi honetara moldatutako hurrengo egitaraua antolatu dugu:

  • Azaroaren 20an, arratsaldeko 19:00etan Getxoko Euskaraldiari buruzko streaming bidezko telebista saio berezia egingo dugu eta 20:00etan herritarrak banderatxoekin leiho eta balkoietara ateratzeko deia luzatuko dugu.
  • Azaroaren 21ean, 19:00etan Oihan Vegaren Euskañolitis umorezko bakarrizketa RKEn eta 19:00etan Joseba Tapiaren Tranpaldo kontzertua Muxikebarrin.
  • Azaroaren 26an, 17:30etan Itsaso Pagoagaren on-line hitzaldia: nola aukeratu jostailuak eta 19:30etan Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da” Azebarrin (aurrez-aurre) eta on-line literatura solasaldia.
  • Azaroaren 27an, 17:30etan eta 19:30etan Birritan bortxatua antzerkia Muxikebarrin eta 18:00etan Ustruku ipuinak, aho-korapiloak, Aldai Patronatuan.
  • Abenduaren 2an, arratsaldeko 19:00etan Argia Ereiten euskara saria gala Muxikebarrin.
  • Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, Getxoko ikastetxeak Euskaraldiarekin bat egingo dute, goizez 10:00etan eta arratsaldez 16:45etan Laburbira laburmetraiak Areetako Musika Eskolan eta arratsaldeko 19:00etan Txor-txor umorezko bakarrizketa RKEn.
  • Abenduaren 4an, arratsaldeko 18:30etan Euskaraldiaren amaiera ekitaldia Kirol Portuan.

Animatu zaitez, eman izena eta izan gaitezen Getxoprest!