HAURREN AURREAN HELDUOK HELDU, guraso eta bestelako hezitzaileen arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO, hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.
Urriaren 19tik 29ra bitartean, beraz, ekintzak proposatuko dizkiegu guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko.
Hortaz, sentsibilizazio kanpaina bat proposatzen dugu, ekintza ezberdinak antolatuz euskaraz lasai aritzeko espazioak sortzeko. Horrela, aldi berean, 12 urtetik beherako haur eta gazteekin harremana duten helduen aktibazioa sustatuko genuke. Hots, hizkuntza eredugarritasunaren eta sozializazioaren inguruan hausnartuta, euskaldunak saretu, ahaldundu eta hizkuntza ohiturak euskarara gehiago ekartzea dugu xede.
Helburu nagusiak
- Gurasoen* arteko -hau da, helduen arteko- hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea.
- Helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea.
0-12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten helduak dira ariketako xede taldea: gurasoak zein zaintza lanetan aritzen diren bestelako senide eta herritarrak. Helduen arteko hizkuntza praktiketan eragitea da helburua (ez gara ari helduek umeei euskaraz hitz egiteari buruz, praktika hau ere bultzatzen dugula esan beharrik ez dagoen arren). Helduak diogunean, umeekin ari diren 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara.
Zein da ekimenaren helburua?
Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen.
“Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak.
Hiru dira arau horren oinarri nagusiak:
- Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egiten dugu (euskaldunak euskaldunari euskaraz).
- Lehen hitzak euskaraz egiten ditugu. Ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin.
- Kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badigu euskarari eusten diogu, baita elkarrizketa elebidunetan ere.
Ekimena urriaren 19tik (osteguna) 29ra (igandea) izango da. Hots, ikasturte berriko dinamika abiatuta dagoenean, ekimenak proposatzen duen dinamikak ikasturte osoan ahalik eta eragin handiena izan dezan. Ekimen honek txinparta pizgarri izan nahi du, ikasturte hasieran, gurasoen arteko hizkuntza praktikak euskarara indartu daitezen hurrengo aste eta hilabeteetan.
Lurraldeari dagokionez, Euskal Herri osoan egitea bilatuko da, herri bakoitzaren esku egongo da dinamika aurrera ateratzea. Herriaren eremu osoan eragin edo eremu zehatzak lehenestea ere erabaki lezakete herri batzordeek: hala nola, auzo batzuetan soilik egitea, eskola zehatz batzuekin lankidetzan aritzea, eta abar.
Eremu fisikoak: nagusiki, helduak eta umeak elkartzen diren inguru informalak. Parkeak, eskola kanpoaldea, plazak, etab. Baita ekintza bereziak antolatzen diren espazioak ere. Kaleko espazioez gain, ekimena etxeetara iristea ere lortu nahi dugu.
Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak eta mintzairen arteko hierarkia ere barneratzen dituzte. Hau da, haurrak hari zuzenean egiten zaion modutik ez ezik, ingurukoek beren artean egiten duten modutik ere ikasten du hizkuntza eta berau erabiltzeko arau soziala (norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez; non bai, non ez; zertarako bai, zertarako ez…). Hortaz, hizkuntza portaeretan haurrekiko eredugarritasuna zaindu nahi bada haiei zuzenean egiten zaien modua ez ezik, haien aurrean egiten den hizkuntza jarduna ere aintzat hartu beharko da.