Euskaraldia
Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala da.
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.
Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik.
Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.
Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.
EUSKARALDIA ONDOKO HELBURUEKIN SORTU DA
Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko
Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
Entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak sustatzea
Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea
Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea
EUSKARALDIA AKTIBISTAK
Euskaraldia Aktibistak, Euskaraldiaren antolaketa eta girotze lanetan laguntzeko prest dauden getxoztarrak dira. Auzoz-auzo, ariketaren antolakuntzaren zeregin zehatzetan laguntzea dute helburu.
Euskaraldiaren laugarren edizioa antolatzeko, getxoztarrak berraktibatu eta euskaltzale aktibista taldea indartzea dugu helburu.
Getxoko euskaltzaleak batu, harremanak indartu, gure artean antolatu eta ekin. Euskaraldiaren oinarria herria baita.
Euskaraldia Aktibista izateko prest? Animatu zaitez, gustora hartuko zaitugu gure artean!
Euskaraldia Lagun izan nahi baduzu idatzi lasai euskaraldiagetxon@gmail.com-era edota beheko formularioa bete.