2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dugu Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Hitzez ekiteko garaia lelopean Euskal Herri osoko ahobizi, belarriprest, irribizi eta ariguneek, hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen jarraituko dugu.

Iruñeko Zentral aretoan aurkeztu da urtebete barru egingo den edizio berria, hirugarrena. Euskaraldiaren lehen bi edizioetan jasotako ondorioak oinarri modura hartuta, antolatzaileok azken hilabeteotan 2022ko Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu ditugu.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi, belarriprest eta irribizi rolei eutsita, landu nahi ditugun hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzagun. Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz: ezagun eta ezezagunekin lehen hitzak euskaraz, elkarrizteta elebidunetan euskarari eustea, etab. 2022an hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.

Aurreko edizioan berrikuntza nabarmena ariguneak izan ziren, entitateetan euskaraz lasai aritzeko guneak. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu, beraz, hirugarren edizioa izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.

Euskaraldia: hitzez ekiteko garaia

Ekimenak datorren urtean izango duen leloa aurkeztu dugu azaroaren 2oan Iruñean egindako ekitaldian. “Hitzez ekiteko garaia” lelopean egingo da ariketa sozialaren hirugarren edizioa, pandemiak aurreko edizioan izandako eragina gaindituta, Euskaraldiak jauzi garrantzitsu bat ematea nahi dugulako sustatzaileok. Harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da leloaren bidez. Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi diegu Euskal Herriko herritar eta entitateei, hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia.

Hitzaren bidez kalea berriro hartzeko deia egin nahi izan dugu Euskaraldiaren antolatzaileek. Hurrengo Euskaraldia mugarria izatea da helburua: batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten.

Euskararen inguruko ekimenek protagonismoa izango dute 2022 urtean: 

Martxoaren 31tik apirilaren 10era, Amurriotik Donostiara, eskuz-esku joango da Korrikaren lekukoa. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskal Herria belarriprest, ahobiziz, irribiziz eta arigunez beteko da. Bi hitzordu garrantzitsu, pandemiak kolpatu duen hizkuntzaren normalizazioari berriz ere heltzeko helburu duten hitzorduak, herritarrak euskarari lotzeko ekimenak.

Horrexegatik da garrantzitsua datorren urtean Korrika eta Euskaraldia inoiz baino indartsuagoak, inoiz baino eraginkorragoak izatea. 2022a euskararen urtea izan dadin lortu behar dugu, aro berri baten abiapuntua jarriz: Hitzekin dio 22. KORRIKAren leloak eta Hitzez ekiteko garaia hirugarren Euskaraldiarenak.

Euskaltzale antolatuen hauspoa izango da berriro ere euskararen herriak hizkuntzaren garapenean urratsak emateko bermea.