Zer daukate komunean kirolak eta hizkuntza ohituren aldaketak? Boteprontoan ezer ez, baina ohiturak aldatu edo finkatu nahi baditugu antzera funtzionatzen dute. Bapatean esan dezakegu: korrika egiten hasiko naiz, ea noraino iristen naizen. Eta arrakasta izan dezakegu, ala ez. Edo planifika dezakegu, eta ziur aski bide luzeagoa izango dugu, arrakastatsuagoa.

21 egun behar omen dira aldaketa gauzatzeko. Modu kontzientean egiteko aholkua ematen dizugu, ahalik eta ingurune prestatuenean. EUSKARALDIAN ekingo diogu maratoiari baina uda honetan entrenatzen hasi behar gara eta hobekuntza txikiak lortzen hasi. Esan dugun bezala hizkuntza ohiturek, kirol ohiturek bezala, jarraitutasuna eskatzen dutenez, hauek dira proposatzen ditugun erronkak beroketa lan hauetarako.

Ohiturak aldatu daitezke modu ezberdinetan, baita bapatean ere. Beharraren arabera, batzuetan bapatean aldatzen ditugu eta betiko geratzen dira hala. Besteetan atzera eta aurrera ibiltzen gara, korrontearen kontra. Hemen dituzu Gemma Sanginésen aholku batzuk hizkuntza ohituretan aldaketa egiteko lagungarriak izan daitezkeenak. Gozatu eta hartu oharrak!